09:29

Erreportajeak

Eitb.com-en erreportajea

Osasuna kaltetu gabe argaltzeko aholkuak

Amaia Akordagoitia

Uda iristear dagoenean, "mirarizko dieta" egiteko unea ere iristen da. Farmazietan, errezetarik gabeko hainbat produktu erosi daitezke, baina adituek arretarekin erabiltzea eskatzen dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Giro eguzkitsua iristen denean, neguan egin ditugun gehiegikeriak estaltzeko daramatzagun kapa horiek kentzeko premia sentitzen dugu. Horregatik, egindako pekatuak zuzentzeko ahalegina egiten dugu. Horrela, erloju kontrako proba batean gure gorputza zizelkatu eta bainujantzia janzteko prestatzen saiatzen gara. Era egoki batean jatea eta kirola egitea beti da osasungarria. Gure osasunarekin jolastea, berriz, ez hainbeste.

Gaur egun, errezetarik gabe eskuratu daitezkeen produktu asko dago, baina medikamentu horien erabilpen egokia egitea oso garrantzitsua da. "Produktu naturalak, naturalak izateagatik ez diote kaltegarriak izateari uzten", azaldu du Toscana Viar farmazilariak eta Health Company. zentroko nutrizionistak.

Bi hilabete eta erdi besterik ez dira falta uztaila iristeko, helburua betetzeko astirik al dugu? "Kilo asko galdu behar ez badira, bai. Hala ere, patxadarekin argaltzea, izan ere, azkar galtzen diren kiloak, azkar errekuperatzen dira", azaldu du nutrizionistak.

Medikuaren laguntzarekin

Farmazia batean zuntz asegarriak, produktu drainatzaileak, koipea erretzen dutenak edo oso proteikoak diren dietak egiteko elikagaiak eskuratu daitezke, besteak beste. Kasu horietan guztietan, "irmotasuna ezinbestekoa da". Izan ere, Viarren ustez, "koipea erretzeko pastila bat hartu ostean, txorizo ogitarteko bat jaten badugu, ez digu ezertarako balioko eta, gainera, flatulentzia deserosoak eragin ditzake".

Iaz, Allí izeneko produktu bat jarri zuten salgai. "Xenical (osagai nagusia Orlistata da) medikamentuak oinarrian duen osagai berdinarekin osatua dago, baina askoz ere kontzentrazio txikiagoa du eta, hortaz, ez du errezeta medikorik behar. Produktu honekin hartzen ditugun koipeak erreko ditugu. Hala ere, kontu handiz erabili behar da eta izan ditzaketen albo-ondorioak ondo begiratu behar dira, beste edozein medikamenturekin bezala".

Pisua kontrolatzeko dietetan zuntza asko erabiltzen den produktuetako bat da. "Zuntza asegarria da eta, gainera, koipeen eta azukreen erreketa egiten laguntzen du". Normalean, bazkaldu baino ordu erdi lehenago hartu behar da eta urarekin puztu egiten denez, asetasun sentsazioa eragiten du.

"Xenical izeneko sendagaiaz gain, farmazietan urtetan erosi ahal izan den beste produktuetako bat Pronokal izenekoa da. Biak, arestian aipatu dugun bezala, errezeta medikoarekin eskuratu daitezke. Pronokalaren kasuan, dieta proteiko zetogeniko bat da; hau da, karbohidrato gutxiago jaten dira eta, ondorioz, metabolismoak zetosi izeneko prozesu batean sartuko da eta koipeak erretzeari ekingo dio", azaldu du adituak. Horrez gain, horrelako dietak mediku baten kontrolpean bakarrik egin daitezkeela azpimarratu du.

Proteina asko

"Dieta bat egiten dugunean, proteinek efektu onuragarri asko dituzte, izan ere, efektu temogenikoa dute, hau da, proteinak digeritzeko gorputzak kaloria gehiago erretzen dituela", esan du. Hala ere, normalean, barazkiak eta karbohidratoak jateko ohitura gehiago dugu.

Horrelako dieta nahiko bortitzak direnez, farmazian beste produktu batzuk erosi daitezke, suabeagoak direnak eta zetosi prozesua eragiten ez dutenak. Beste dieta batzuentzat osagarriak izan daitezke elikagai horiek. Zentzu horretan, Viarrek azaldu duenez, "txokolatea jateko gogoa bezalako antsietateak asetzeko balio dute".

Arestian aipatutako produktuez gain, zelulitisa kentzeko edo larrua sendotzeko krema ugari aurkitu ditzakegu, "Gizonentzako geroz eta produktua gehiago egiten dituzte laborategiek", esan du Viarrek. Emaitzak ikusteko, "ezinbestekoa da irmotasunarekin erabiltzea, horrela funtzionatzen baitute".

Pastilak, elikagai naturalak, infusioak, kremak... aukeratzen dugun produktua baino gehiago, "garrantzitsuena hartuko dugun produktuak gure osasunean izan dezakeen eragina jakitea eta arretarekin erabiltzea da".

Iruzkinak